Autobus geltokian ordu eta erdi eman nuen zain. Hasieran, atzerapen txiki bat izan zuela esan ziguten. Gero, ibilgailuak arazo mekaniko bat izan omen zuela. Azkenean, eta erreklamazio orriak esku artean izandakoan, gure gidaria izango zenarekin ordutegi nahasketa bat izan zutela esan ziguten.
Lotsagarria iruditzen zait enpresek gehienetan izaten duten bezeroekiko azaleko harreman hori. Ekonomiak gizartean hartzen duen paperak humanitatea guztiz baztertzen du. Bezeroak zenbaki hutsak izatera pasatzen gara.
Hori bai, erreklamazio orriak eskatzen dituzunean, zerbait magiko eta misteriotsua gertatzen dela dirudi: azalpenak ematen hasten zaizkizu, irribarre jator bat irteten zaie aurpegian…
Arrazoia bat edo beste. Enpresa bat zein beste. Gaur egun zerbait lortzeko bidea protestatzea dela dirudi. Gero eta gehiago gara bide horretara jotzera behartuak sentitu izan garenak noizbait.
Beraien zerbitzuak erosi eta gure diruz ordaintzen ditugun bitartean, tratu duinagoa merezi dugu. Errespetua, alegia. Hilabete bukaeran beraien balantzeetan positiboki zenbatuko duten zifra hutsak baino zerbait gehiago gara.