Arduradunak nahikoa gertu dituela aprobetxatuz, medikuntza euskaraz ikastea zer den azaltzen du bere graduazioko ekitaldian, aretoan bildurikoen aurrean.
Egoera tamalgarria benetan; oraindik ere, gure hizkuntza ofizialean ikastea ezinezkoa baita. Zailtasunak, trabak, oztopoak eta mesprezuak izaten ditugu askotan. Ikasteko materiala ez dago euskaratuta, irakasle askok ez dakite euskaraz, edota euskara traketsean moldatzen dira, bete beharreko agiri asko ere gaztelaniaz jasotzen ditugu, eta praktikak egiteko garaian, askotan, euskaraz egiteko aukera desagertzen zaigu.
Ez litzateke horrela izan beharko. Euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ukaezina da. Borroka luzea bada ere, Jardunek 25. urteurrena ospatu duen honetan, indarrak batzen eta aurrera egiten jarraitu beharra dugu, gure eskubideak inork zapaldu eta txikitu ez ditzan.
Zorionak ematea besterik ez zait geratzen Jardun euskara elkarteari eta euskarazko medikuntza taldeko ikasle horiei, gure hizkuntzaren alde borrokatzen jarraitzeagatik. Eredutzat hartu beharreko mintzaldia da egunotan bolo-bolo dabilen hori, mota honetako egoerak ezin ditugulako erantzunik gabe utzi. Guztiak salatu behar direlako. Bejondeizuela!