Garai batean egindakoak, bizitako esperientzia bitxiak akaso; kuriosoak batzuk, tristeak besteak. Hala ere, denak desberdinak dira, baina, aldi berean, garrantzitsuak eta bereziak norberarentzat.
Batzuk beraien bihotzean gordetzekoak izaten dira, gertukoei baino kontatzen ez dietenak edota gauero eguneroko zahar batean idazteko ohitura dutenak. Beste batzuk kontu-kontari ibiltzen dira lau haizeetara zabaltzen. Telebistan, esaterako, behin eta berriz entzuten ditugu betiko pertsonaia famatuen istorioak, gertaerak eta hanka-sartzeak. Askotan galdetzen diot neure buruari, zer izango ote dute pertsonaia horiek, kalean gurutzatzen ditugun bizilagunek ez dutena?
Aste honetan, ETB1en Herri People izeneko saioa estreinatuko da. Euskal Herriko txoko desberdinetan bizi den jende arruntaren bizitza eta arima biltzen dituen programa da, herri honen hauspoa eragiten duten pertsonen eguneroko kontu errealak eta kuriosoak jasotzen dituena. Bizimodua mendian, itsasoan edota enpresetan aurrera ateratzen duten gure bizilagunak.
Guztiok dugu zer kontatu, guztien interesekoa izan edo ez. Mundua, jende txiki askok, leku ohikoetan eta gauza arruntak eginez osatzen baita.