Bergara bizi-koek lortu dute herritarren arreta deitzea. Publizitate kanpaina berriari ekin diote, era ausart eta original batean.
Aldatzeko garaian bizi gara, inprobisatzeko garaian. Publizitate arruntetik at, gauza berriak sortu beharreko unea da. Hori da azken batean publizitatearen eginbeharra, alegia, jendearen arreta erakartzea. Lotan dauden herritarrak esnatzea. Zerbait lortzeko, ezinbestekoa da jendearen interesa piztea.
Globo urdin bat, aulki zuri bati lotua; han eta hemen. Herriko hainbat lekutan ikusgai izan dugu azken egunotan. Lehenengo pausoa lortu dute: herritarren jakin nahia piztea.Agerian oso sinplea dirudienak atzean mezu pisutsua dakar. Helburua Bergarako merkataritza bultzatzea da. Kaleak berpiztea; jendearekin, biziarekin, dendekin, edota tabernekin. Bergara margolariak duen paleta koloretsuarekin margotzea da.
Merkatari txikiak izan arren herriarentzat beharrezkoak dira. Batzuek bizitza guztia daramate gure artean, beste batzuk, ordea, hasi berriak dira. Baina, guztien artean, eta kanpaina bikain honekin, dagoeneko, saltzaileek haziak bota dituzte. Guri orain, herritar bezala, hazi horiek ureztatzeko txanda heldu zaigu...