Aurten, gainera, Danbakak bidelagun berezia izan du Goiena telebistako platoan, Danbakast bideopodcasta. Seminarixokoa erakutsi dugu bertan, baina bereziki musikaren ozeano zabalean murgildu gara hainbat gairen gainean lasai, luze eta zabal aritzeko, sekulako gonbidatu eta tertuliakideen ondoan. Zenbat ikasi eta gozatu dugun hamahiru saioetan, kopon! Bide batez, lerro hauek baliatu nahi nituzke Danbakast-etik pasatu zareten guztioi eskerrik beroenak emateko, bihotzetik.
"2026AN ITZULIKO GAREN? EZ DAKIGU, TALDEEK AKASO DENBORA GEHIAGO BEHARKO DUTE..."
Eta zer esan Danbakaren benetako lehengai zareten musika taldeen inguruan? 24k eman zenuten izena eta 16 aritu zarete zuen onena ematen. Zuen onena eman duzuelako agertokian, baina baita agertokitik kanpo; ze erraza izan den zuekin lan egitea. 2026an itzuliko ote garen? Ez dakigu esaten, akaso denbora gehiago beharko delako Debagoieneko musika panorama freskatu dadin; musika pasioz bizi duen bailara izanda ere, talde kopurua ez delako mugagabea. Lantaldean Danbaka gaindosia dugun arren orain, hilabete batzuk igaro ahala ziur faltan igarriko dugula. Ederra delako proiektua eta ederrak direlako posible egin duten lankideak. Musikariek ere azpimarratu dutenez, sekulakoa izan delako lantaldea: epaimahaia, eta Goienako eta Seminarixoko langile bakoitza. Niretzat zuek zarete Sari Nagusia... eskerrik asko. Kontzertuetan ikusiko dugu elkar!