Kontzertua

Erabiltzailearen aurpegia Julen Arriolabengoa 2017ko uzt. 21a, 00:00

Uda beteko gaua. Bero, oso bero.

Eta bero sentsazioa handiagoa da jendetzak inguratuta zaudenean.

Arratsalde osoa eman dugu ilaran. 

Segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte sarreran eta bokata barruko txorizoa ere serio demonio miatu didate, baita nire kanpera berrien zolak ere.

Sartu gara, azkenean, estadio barrura eta jada hasia dago jaialdia. 

Han, hondoan, eszenatokiko argiak antzematen dira, dirdiratsu eta jostari; soinua ere indartsu iristen zaigu, baina urrunegi dago eszenatokia, eta gure idoloak hurbilagotik nahi ditugu ikusi; ukitu, ahal bada. 

Zirrarak eta bozkarioak hartu gaitu oinetatik ileetaraino, eta aurrera goaz, jende artean lekua eginez ahal bezala. 

Jendea ez da gehiegi kexatzen gure oinkada eta ukondokadengatik. Hau jendetza! 

Arrazoi zenuten, hemen egon beharra zegoen. 

Hau Mendeko Kontzertua izanen da!

Bat-batean, dena da txilioa inguruan, dena bultzada. Ez dakigu zer gertatzen den, baina aurrean dugun jendetza gugana jiratu da izu aurpegiz. Gu ere jiratu gara, jirarazi gaituzte, hobe esan, eta airean garamatza jende-masak, oreka galdu eta beste batzuen gainera erosi garen arte. Hankak sumatzen ditugu bizkarra eta burua zapaltzen, gero gorputz bat. Ihes egin nahi, baina ezin mugitu, ezin altxatu. Garrasika ari dira ondokoak. Neuri ez zait txiliorik ateratzen, itotzen ari naiz. Azpikoa isildu da eta ni ere zorabiatzen hasi naiz …

Esku-zartek esnatu naute. Begiak ireki eta nire aurrean gitarrista ikusi dut burua makurtuta, publikoaren txaloak eskertzen. Bigarren lerroan nago, eserita. Txikia da eraikina, zaharra, baina eder eta freskoa. 

A zer lasaitua! Atzera begiratu eta berrogei bat lagun dakusat artistari bere poza eta esker ona adierazten. Zutik jarrita, txaloka eta bibaka hasi naiz. 

Izan ere, izugarri gustatu zait kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak