"Bejondeizuela!"

Erabiltzailearen aurpegia Julen Arriolabengoa 2013ko eka. 4a, 02:00

Gaur hamabost bat egun dela, hitzaldia eman nuen CEPA Arrasate HHIn...

... hau da, Arrasateko Helduentzako Eskolan. Hango euskarako klaseetan irakurriak eta aztertuak zituzten nire bi liburu, Julia dinotsut eta Jaun Zuriaren askazia, eta horren karietara gonbidatu ninduten eurekin ordu eta erdiko berbaldia izatera. Gutxitan egon naiz egun horretan bezain gustura hitzaldi bat ematen. Sekulako harrera egin zidaten ikasleek zein irakasleek eta harrituta utzi ninduten jarritako arretarekin, erakutsitako interesarekin eta egindako galdera eta iruzkinekin.

Berrogei bat izango ziren, adin guztietakoak, neska, mutil, gizon eta emakume, adinean aurrera egin ahala, gehiago emakumezkoak. Jo eta ke dihardute eskolak ematen, euskarakoak, ingelesekoak, matematikakoak… Batzuk egongo dira gaztetan ez zutelako aukerarik izan, beste batzuk ez zutelako bere sasoian aprobetxatu, baten bat egongo da bere egoera pertsonalak behartuta, edo gogoak eman diolako. Denak euren buruak jakintzaz janzten.

Hunkitu egin ninduten. Jakin-minez gainezka ikusi nituen, iritzia eta kritika azaleratzeko pronto. Isilik zeudenak, batzuk aspertuta ere bai agian, adi, errespetu handiz besteen jarduna jarraituz, eserlekuetan zirkinik egin gabe. Ez da sarri izaten horrelako entzuleriarik. 

Solasaldian zehar agerian utzi zuten euren literatur zaletasuna, baita historiaren uretan murgiltzeko gogoa, historiaren gezurrak azaleratuz, mitoekin jolastuz eta euren herriaren ezagutzan sakonduz. 

Ez dakit nigandik gauza handirik ikasi duten, baina nik, eurekin egonda, literaturak duen garrantzia berretsi ahal izan dut. Literatura izan liteke egunerokotasunetik ihes egiteko bidea, gozamenerako atea. Baina, horrez gain, jakintza iturri da, gure zentzu kritikoa elikatzeko bizigarria. Nahitaezkoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak