Mundialaren uholdeak Euskal Herriko txoko eta esparru guztiak hartu ditu. Egunotan, munduko gatazkak eta eguneroko problematikak bigarren plano batean geratu dira, gizarte osoak geldiarazteko gaitasuna daukan masa fenomenoa baita futbola, ezin daitekeena inolaz ere era neutroan ulertu. Tourra, La Vuelta eta Eurokopa bezalako ekitaldiak kirolaren izaera ludikoaren babespean normaltzat jotzen baditugu ere, kapitalak etekin ekonomikoa ateratzeko ez ezik, Euskal Herri Langilea alienatzeko eta sumitzeko baliatzen dituen tresnak dira. Politikarengandiko erauzketaren planta eginda, burgesiaren ideologia, baloreak eta gizarte eredua sustatzeko zein birproduzitzeko aukera paregabea ematen duten tresnak. Hauek bukatuta, euren arrastoa uzten dutenak.
Gauzak horrela, Mundial hau, kapitalaren mesedepeko nazionalismoarentzat baldintza egokiak eta bere gorazarrea sustatuta, partidaz partida harrotuta, hau areagotzeko beta eskaintzen duen ekimena da. Era horretan, Euskal Herria nazio gisa ukatzen eta jazartzen duten espainiar eta frantziar nazionalismoaren pizgarria izaten ari da Mundiala gurean, olatu horrek goia joko duelarik Espainiaren eta Frantziaren arteko partidan. Izan ere, honetan irabazten duenak irabazten duelarik, Euskal Herria irtengo da galtzaile. Joko-zelaian buruz buru arituko diren estatuok elkarren eskutik doaz Euskal Herriaren aurkako zapalkuntza eta azpirazioan, hauek baitira Euskal Herri Langileak pairatzen duen nazio eta klase zapalkuntzaren azken erantzuleak.
Horregatik, Euskal Herri Langileak klabe politikoan ulertu behar du bai mundiala, bai estatu hauen arteko dema, baita bere ondorioak ere. Kirolaren estalkiaren bitartez zapaltzen gaituzten estatuok euren parte garela sentiarazi eta Euskal Herriaren nazio izaera eta existentzia bera ukatzen duten bitartean, eurek inposatutako ordena eta azpirazioa normalizatzen ari dira. Hori dela eta, euskal estatu independente eta sozialista izan arte, ekimenok atzerapausoa suposatuko dute beti Euskal Herri Langilearentzat, hauen gauzapena borreroen esku egotea eta bere klabeetan gauzatzea uzten dugun bitartean.
Beraz, inperialismoaren bihotzean jokatuko den partida hau Euskal Herrira ekarri beharra dago, Euskal Herriaren proiektu politikoaren eraikuntzarako aurrerapausoak eman beharra dago, hau estatuok honen eskutik sustatutako dinamikari kontrajarrita lortuko delarik bakarrik. Bide horretan, bai frantziar, bai espainiar nazionalismoaren aurpegiak eta ikurrak borrokatu eta estatuon oldarraldia konfrontatu beharra dago, Frantziak ala Espainiak irabazi, Euskal Herriak gal ez dezan.