Zurekin Bergara euskaldunago!

Erabiltzailearen aurpegia
Martxan da Jarduneko bazkidetza kanpaina!

Dagoeneko martxan da Jarduneko bazkidetza kanpaina! Zurekin Bergara euskaldunago izango da kanpainaren mezu nagusia.

Jardunen sorreratik garrantzi berezia izan dute bazkideek eta hauek  izan dira 25 urte hauetan zehar elkarteak aurrera egiteko ezinbesteko oinarri. Urte hauetan zehar Jardunek martxan jarritako herri ekimenak asko izan dira eta  adin eta eremu ezberdinetako jende askok parte hartu izan du.

Esan genezake hasierako Jarduni jarritako helburu asko lortzen joan direla eta egindako lanari esker, Bergara orain dela 25 urte baino euskaldunagoa dela. Baina oraindik ere helburu batzuk erronka izaten jarraitzen dute.

Erronka horien artean aurkitzen da kanpaina honetan zehar erdigunean kokatuko duguna: sorkuntzarako, euskaltzaleak biltzeko, aisialdi euskaldunaz gozatzeko, kultur ekintzetarako, berbalagunak elkartzeko... GUNE BERRI batekin amesten dugu eta horren bila goaz! Herriaren eta herritarren beharrei erantzungo dien bilgunea izango dena!

Eta horretarako abiatuko dugu, hain zuzen, bazkidetza kanpaina hau. Amesten dugun proiektu ta gune berria herritarrekin lortu nahi dugulako.

Eta helburu nagusiak, bazkide berriak lortzeaz gain, gaur egungo bazkideak aktibatzea, Jardun ezagutzera ematea eta  herritarrak elkartera hurbiltzea izango dira.

Bazkide egiteko bi bide egongo dira: esku orrietan dagoen formularioa bete eta bazkidetza kanpainan zehar izango dugun gune/lokalean entregatu edo www.jardun.eus web orrian dagoen formularioa betez.

Bazkide norbanakoak (adin mugarik gabe) zein talde, elkarte, komertzio, tabernak… egin daitezke.

Eta bazkidetza motari dagokionean aukera desberdinak egongo dira:

  • Bazkidea (laguntza ekonomikoa)
  • Bazkide laguntzailea (laguntza ekintzailea, Jardunek ekintzak antolatzen eta bideratzen laguntzeko bere denbora eskaintzeko prest dagoena)
  • Bazkidea eta bazkide laguntzailea

Bazkide kuota 30 urtez azpikoentzat urtean 12€ izango da eta 30 urtez gorakoentzat urtean 37€.

Gabon garaia dela aprobetxatuz opari ederra ere izan daiteke Jardunen urtebeteko harpidetza.

Izan proiektu berritzaile honen parte! Gune, aurpegi, egitasmo eta ideia berriak nahi ditugu erronka handi hau egi bihurtzeko! Proiektu ilusionagarria, parte hartzailea, ekintzailea, herritarra eta bateratzailea sortzera goaz, eta bide hau zurekin egin nahi dugu! Beraz, batu elkartera, egin zaitez bazkide! Zurekin Bergara euskaldunago bat lortuko dugu!

Egin zaitez bazkide!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.