BIDERKATU EUSKARAZ Berbalagunen magiarekin
Zer da Berriketan?
Gero eta jende gehiagok daki euskaraz, hizkuntzaren ezagutza gero eta arinago zabalduz doa; baina erabilera ez da neurri berean hazten. Jende askoren harreman sareak erdaldunak dira, eta horrek zaildu egiten du euskara jakitetik euskaraz berba egiteko pausoa ematea. Horretan laguntzeko, mintzapraktika egitasmoak daude martxan hainbat herritan: Bergararan esate baterako, Berriketan egitasmoa.
Berriketan egitasmoari esker, euskaraz naturaltasunez moldatzen diren lagunak haien mintzamena hobetu nahi dutenekin euskaraz berba egiteko elkartzen dira, eta dena borondatez. Hiruzpalau partaideko taldeak osatzen dira, talde hauek maiztasun jakin batekin elkartzen dira (gehienak astean behin ordu batez) euskaraz berba egiteko eta, tarteka tarteka, nahi duenak parte hartzeko ekintza osagarriak ere antolatzen dira, Berriketan egitasmoan parte hartzen duten talde desberdinetako partaideak elkar ezagutzeko.
Zertarako Berriketan?
Berriketan bezalako mintzapraktika programek euskararen erabilera bultzatzen dute, bai euskara maila hobetu nahi duten pertsonen artean eta baita maila txukuna dutenen artean ere. Are gehiago, programa hauek bi talde hauek harremanetan jartzen dituzte.
Mintzapraktika egitasmoen helburuetako bat euskaldunon komunitatea zabaltzea da, euskarazko harreman sareak sortu eta hedatuz euskaldunon hizkuntza komunitatea zabaltzea, euskaraz aritzeko ditugun aukerak ugarituz.
Horretaz gain, erakundeek, euskaltegiek eta euskara elkarteek elkarlanean aritzeko aukera paregabea dute.