Armagintzako lobbyen hurrengo tiroa

Espainian bizi den aurrehauteskunde ingurugiro honetan, faktore berri batek jauzi egin du politikaren mahi-ingurura. Izan ere, azkenaldian, Vox alderdiko hainbat bozeramaile armen salmentak erraztearen alde gogotsu azaldu dira hainbat komunikabidetan. Proposamen honen arabera, ia pertsona orok izango luke armak eskuratzeko eskubidea. Hau guztia, beraien hitzetan, herritarron segurtasuna bermatzeko hartutako erabakia izango litzateke; espainiar onek beren burua defendatzeko eskubidea baitaukate.

Hala ere, datuei erreparatuz gero, ez da zaila argudio hau desegitea. Munduan tiroz hildako gehien dituzten herrialdeak Brasil, Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko dira, hurrenez hurren. Ez da kasualitatea, noski, estatu hauetan armak eskuratzeak gozokiak erostearen pareko zailtasuna izatea. Bestalde, Japonian edota Australian, non ia ezinezkoa den pertsona arrunt batentzat arma bat erdiestea, bi eskuetako atzamarrak aski dira urtean zehar suzko armek eragindako heriotzak zenbatzeko. Hortaz, garbi geratzen da segurtasuna estalki huts bat baino ez dela. Horren barruan, ordea, munduan diru gehien mugitzen duen sektoreetako bat ezkutatzen da: armen industria.

Jakina da armagintza munduko negozio indartsuenetariko bat dela, urtero ehun mila milioi euro baino gehiago mugitzen dituena. Horren ondorioz, sektore horretako enpresa handiak lobby indartsu bilakatu dira, arma oso boteretsuak dituztenak mundu mailako politikan eragiteko. Azken urteotan, Brasil eta Ameriketako Estatu Batuak egon dira beraien dianaren erdian kokatuta eta garbi dago bete-betean asmatu dutela, gaur egun armen salmentaren aldekoak diren Bolsonaro eta Trump bezalako tipoak baitaude presidente gisa. Orain, ordea, badirudi lobby hauek gugan jarri dutela ikuspuntua eta Vox dutela balarik fidagarriena. Erriflea jada guri apuntatzen ari da eta hauteskundeak noiz heldu zain daude arma sakatu eta tiro egiteko. Babestu gaitezen.

----------

Jokin Amozarrain Altube

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak