Venezuelaren egungo egoerari buruz ari naiz, noski. Hala ere, gatazka hau aztertzeko orduan komenigarria da begi-bista altxatu eta ikuspuntu mundial batetik begiratzea. Izan ere, herrialde latinoamerikar polemikoan gertatzen ari dena bi potentzia ekonomikoren arteko talka da. Alde Batetik, Ameriketako Estatu Batuak eta bere aliatu europarrak daude. Herrialde hauek diotenez, giza eskubideen urraketak direla-eta babesten dute Guaido. Baina hori ez da egia. Horrela izango balitz, Saudi Arabia, Qatar edota Israelekin sartuko lirateke lehenago.
Baina hauekin ez dira sartzen, beharbada boteretsuegiak direlako. Bestalde, Errusiak eta Txinak ez diote Madurori laguntzen herrialde sozialistaren alde egitearren, beraiek ere merkatu kapitalistak baitira. Venezuelak munduko petrolio erreserba handienak ditu bere barnean, eta hortxe dago guztiaren gakoa.
Esan beharra dago talka hau ez dela berria. Orain dela ez asko bizi ahal izan dugu, edo, hobeto esanda, bizi ahal izan dute Ukrainako eta Siriako biztanleek beraien azaletan. Jakina denez, bi herrialde hauetako hiritarren gorputzak odolez hustu dira, aberats gutxi batzuen poltsikoak txanponez bete diren bitartean. Horregatik, denboraz bagaude, behintzat, venezuelar guztiei azken dei bat egin beharko genieke ez daitezen dirua baino helburu gehiagorik ez duten kanpotar potentzien zerbitzari eta soldadu bilakatu. Horretarako, beharrezkoa da atzerriko propagandetatik ihes egin eta hiritar guztien arteko batasuna bilatzea, gerra zibil batera eramango dituen tentsio egoera honetatik atzera eginez. ¡Patrás Venezuela!
----------
Jokin Amozarrain Altube
Arrasate