Hasi dira, gainera, lehen adierazpenak ere, hango gehiengoak hemengo gehiengoari buruzko egonezina azalduz. Baina hori guztia biharamunerako espero genuena da, bakoitzak berea azalduz argiago edo ilunago.
Dena dela, asteleheneko egunkarietan Hego Euskal Herriko diputatu eta senatarien argazkiak ikustean, eta domeka gaueko zenbait imajina ikustean ere bai, zerak utzi nau arduratuta: hogeita hiru diputatutatik hiru bakarrik dira emakumeak, eta senatarien artean hamaseitik zazpi.
Pentsakor jarri nintzen, eta lehenengo bururatu zitzaidana zera izan zen, zerrendok gizonezkoen soziedaderen batean eginda ote dauden, bestela ez da normala gizartearen erdia baino gehixeago emakumeak izanda, herri honetatik halako ordezkaritza desorekatua izatea.
Orain bizi dugun bakerako bidea urratzen emakumeak izan ziren aitzindarietakoak, "Ahotsak" eta halako zubiak eraikiz. Bariku honetan emakumeen aurkako indarkeria gogoratzeko eguna izango da… Beharbada ikustezin izatetik aginte eremuetara bideak zabaltzen ere badugu zeregina oraindik.