Herria bizirik ez ezik bere etorkizunaz arduratuta dagoela ere agerian uzten baitu. Hala ere, harritu egiten naiz, udalean gehiengoa zuten garaian herri kontsulta egiteari sistematikoki uko egin izan dioten alderdiek, egun ere, gehiengoa duten udaletan kontsultaren aurka agertzen direnek, atez atekoaren aldeko erabakia inposaketa dela esaten dutenean.
Atez atekoaren erabakia legezkoa eta erabat demokratikoa da, Bilduren hauteskunde-programan garbi asko agertzen zelako, eta legezkoa denez, horrelaxe erabaki dute demokratikoki hautatuak izan diren udalek. Gaineratuko dut, neure iritziz, aurreko sistemarekin alderatuta, onurak ikaragarriak dituela oraingo honek.
Hau garbi utzirik, esan beharrean nago auzi honetan herri kontsultaren aldekoa naizela, hala eskatzen duelako herriaren zati batek, eta herri kontsulta betidanik izan delako Ezker Abertzalearen izaera politikoaren baitakoa.
Auzi honetan herri kontsultari uko egiten badiogu, zein argudio izan ditzakegu gerora beste egoera batzuetan herri kontsulta eskatzeko ?
Kontsulta egitea espero dut, gauza jakina baita, bizitzako beste hainbat arlotan legez politikan ere, hutsegiteak larrutik ordaintzen direla.