Baina bazkideen aldetik kooperatiba izaeraren inguruko galera dagoela sumatu dut. Badakit kooperatibismoa ez dela sistema perfektua, baina ez dut ezagutzen munduan ekonomia, gizarte eta lan eremuetan justuagoa eta solidarioagoa den beste sistemarik.
Baina nortasun kooperatiboaren galera bat dago. Zergatik? Ez da erraza erantzutea, arrazoi bat baino gehiago egongo da ziurrenik; balio gabezia, kontsumismoa, indibidualismoa… Etsi egin behar dugu? Ez. Ekonomia espekulatzailea ekonomia errealari gailentzen ari zaio, eta kooperatibak eta eurek ordezkatzen duten eredua inoiz baino beharrezkoagoak dira.
Nortasun korporatibo horren galeraren arrazoiak aztertu behar ditugu: nortasun kooperatiboa eguneratu eta erakargarri egin behar da, gizartearen eraldaketan laguntzen jarraitzeko. Horretarako, liderrak behar ditugu: formazioa duten pertsonak, kudeaketarako gaitasuna dutenak, kooperatiba bokaziodunak, taldean lan egiten dakitenak, epe ertain eta luzera estrategia argiak zehaztuko dituztenak.
Baina, bereziki, beti arrakastara garamatzaten balioak indartu behar ditugu: umiltasuna, zintzotasuna, prestutasuna, eraginkortasuna...