Urteberri egunean lez, Mugikortasun Aste honetan ere asmo on eta buruari agindu ugari, ondoren huts egiteko. Gure esku dago zein biharko Arrasate nahi dugun eztabaidatu eta erabakitzea: pertsonak, segurtasuna eta mugikortasun jasangarria erdigunean dituen bizitzeko herria, edo kotxeak baldintzatutako espaloi estu, deseroso eta aire kutsatua duen herria.
Hausnartu dezagun. Irudikatu gure etorkizuneko kalitatezko herria eta parte hartzeko aukerak balia ditzagun mugikortasun jasangarria eta bizitzeko herria ez dadin Urteberriko bete gabeko asmo bilakatu. Ikuspegi eta interes orokorra, nagusitu behar dira erabaki garrantzitsuak garatzeko; esaterako bus geltoki berriaren kokalekuan, oinezkoei edo bizikletei espazio seguruak eskaintzerakoan, kotxeen aparkalekuen berrantolaketan, herribusaren diseinu berrian... Epe motzeko ikuspegitik haratago, etorkizuna aintzat hartuz, egin dezagun Arrasate bizitzeko herri bat. Hor dugu erronka, hor dugu etorkizuna herri bezala.