Askotan esan izanaren poderioz sinesgarritasuna aspaldian galdu zuten hitzak dira horiek, herrian ez dago inongo arrazoirik Idoiagak planteatzen duen egoera deskribatzeko. Beste gauza bat da berari eta PNVri ez zaiela interesatzen EH Bildu egiten ari den lana. Hori dela eta, kexa eta zalaparta ateratzea komeni zaie komunikabideen oihartzuna baliatuz.
Gobernuan eta agintean dagoenak erabakiak hartu behar ditu, Lourdes Idoiagak berak lehen hartzen zituen bezala eta orain ahal balu hartuko lituzkeen bezala, baina ez dezala alkatea eta bere taldea egiten ari diren lana agintekeria (inposizioa) hitzarekin zikindu.
PNVk asko maite duen beste hitza inprobisazioa da. Lourdes Idoiagak ere sarri erabiltzen du, ez dago EH Bilduren kontra egiteko bi hitz horiek baino sendabelar egokiagorik. Horren harira, gogorarazi bakarrik, herri programan oinarritutako eta legegintzaldi hasieran aurkeztutako lau urteko plangintza jarraituz lan egiten duela Udal Gobernuak.
Nahita edo nahi gabe, Oñatin elkarbizitza okertzeko beste ariketa bat gehiago izan da PNVk eta Lourdes Idoiagak egindakoa. Titularra ematen dioten PNVren hitz horien gainetik, ordea, Oñatiko herrian eta herritarrekin batera lana sendo eta ugari egiten ari den alkate eta zinegotzi taldea dauzkagu eta haiek erantzungo diote herriari bere ekintzekin, orain arte egin duten bezala.
----------
Jose Antonio Amundarain eta Alberto Etxeberria
Oñati