Kasualitatea izango al da nire inguruan errepikatzen zen hirukotea? Etxe bat, eguzkia eta lainoak. Beti etxe bat marrazteko ohitura genuen, eta hamarnaka leiho eta tximinia propioa zituen. VT siglak ez ziren existitzen gure imajinarioan oraindik. Etxea izatea, beraz, ez da atzo okurritu zitzaigun zerbait: umetatik irudikatzen dugun oinarrizko beharra da.
Virginia Woolfek, duela 100 urte, gela bat norberarena aldarrikatzen zuen. Zer pentsatuko luke, 100 urte geroago, zenbaitek gela propioa izateko ordaintzen duten basakeria ikusiko balu? Etxe baten oinarrizko funtzioa norbaitek berau habitatzea da. Etxe baten oinarrizko funtzioa ez da negozioa egitea, Monopoly serioegi hartu zuten tiburoi mentalitatea dutenek pentsatzen duten gisan.
Ordutegia aldatu digute, eta iluntasun honek etxeko goxotasunean gelditzeko gogoa handitu besterik ez du egiten. Halere, etxean gustura egon ahal izateko, azaroaren 11n kalera ateratzea ezinbestekoa izango da, gure umetako etxe inguruetan ez baikenuen putrerik marrazten ikasi.