Barkatu, ahaztua daukat dagoeneko belarraren berezko kolorea. Bai, belarrak kolore propioa duela defendatuko nuke, Platonen ideien doktrina baliatuz, belarraren ideiak belar ezin berdeagoa ekartzen baitigu burura.
Aspaldi ikasi genuen ez dagoela bat eta bakarra den haragi-kolorerik; haragi-koloreak pertsona ezberdin ororen azal-koloreak barnebildu behar dituela. Baina larreak eta zelaiak, ez. Berdeak, freskoak eta bustiak behar dute. TOC taldeak ere esaten zigun "orain bedarra dana, biharko lasto" dela, baina lasto lehorra azkarregi etorri zen gauza onerako.
Ez naiz ari erantzule bila, tristuratik ari naiz idazten. Aurreko urteetan irail bukaerako zelai horixka nostalgikoak aurten uztailerako genituen gurekin. Aldaketa klimatikoa egon badago, eta kasu honek bete-betean astintzen gaitu, urrunago joan gabe, bertako abereen bazkan eragiten baitu.
Martin Larralde ez da sekula itzuli, baina itzuli balitz… agian etorri den leku beretik joango litzateke gaixoa.