Buelta asko ematen dizkiodan gaia da; izan ere, norbere kontraesanen kargak bizkarreko mina eragiten du.
Hasteko, "baina denak gara turistak" esaten dizun horrentzat: ez, denok ez gara turistak. Eurostat 2024ko estatistika ofizialek erakusten dute europarren zati esanguratsu batek ezin duela ordaindu urtean astebete bere bizilekutik kanpo igarotzea.
Nolanahi ere, bidaiari motak ezberdindu daitezke? Boris Johnsonen lehengusu itxura dutenak eta furgonetan doazenak zaku berean sar daitezke? Eta Airbnb-ren edo landetxearen artean aukeratzen dutenak?
Bizilagunekiko eta inguruarekiko errespetuak desberdintzen dituzte. Kontua da begirune hori nola erregulatu eta lortu daitekeen, orain arte hiriak girien eta cheesecake kulturaren aurkako erresistentzia lubaki bilakatu badira.
Beraz, sudokuak egiteaz gain, baduzu udarako beste lan bat, irakurle: paperaren aurrean jarri eta zerrenda itzazu bidaiatzean turista ona izateko egiten dituzun –edo egin ahal dituzun– ekintzak. Animo bizkarreko min horiekin, eta gogoratu: 5.000 kilometrora ez bidaiatzegatik ere, jendeak ez zaitu gutxiago maiteko.