Horazioren lezioa

Erabiltzailearen aurpegia Izar Odriozola 2026ko ekainaren 24a

Ez daramat batere ondo ziurgabetasuna.

Ezin dut itxaron gauzak naturaltasunez gerta daitezen, erdarazko "que fluya" esapidea aplikatzen. Hori gutxi balitz, unibertsitatean Filosofia ikasi nuen eta ez dakit egoera ezberdinak filosofiarekin hartzen.

Planak eta hitzorduak planifikatuta behar ditut. Ezin naiz hippya izan, analitikoegia naiz.

Hala ere, beti ezin dira planak aurrez diseinatu. Ezustekoak egon daitezke, edo ezin da jakin bi aste barru aukera izango dugun, egunerokoa baldintzatzen diguten kontingentzia batzuk gorabehera. Eta zaila da pentsatutako plan batek sortzen digun ilusio gabe bizitzea. Kaka hutsa da. 

Eta egoera horien aurrean bi gauza egin daitezke: bere horretan ito edo itotzen ez utzi, poeta jarriz gero, ziurgabetasuna besarkatu, ergo, carpe diem aplikatu.

Gaur egungo dilema oro deszifratu zuten aspaldiko pentsalariek. Ziurgabetasunak itotzen zaituela? Aprobetxatu momentua eta bizi oraina. Eta kito. 

Klasikoek dena asmatu zuten eta jaramon gutxiegi egiten diegu gauza onerako; hortaz, eskerrik asko, Horazio. Orain, ea praktikan jartzen asmatzen dudan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak