Pena eman zidan gaur egun emozio bera ez sentitzeak, adinean aurrera egin ahala zerbaitekiko ilusioa galtzeak. Aparkatu eta "aber nun doian Korrika", "Gelbentzutik Larraintzarrera bidean, nun dago hori?". Bi hausnarketa: bat, ez dut Euskal Herria nahi beste ezagutzen; bi, egon badago ilusioa egiten didan beste furgoneta bat Harindondinez gain.
Korrikaren furgonetak magia du, bi urtetan zehar Mari Domingi bezala ezkutaturik egon ostean irteten da, denon zorionerako, baina ez dut ezer mitifikatu nahi, hemen denok baitugu loa kentzen digun zerbait. Harindondinek IAT pasa behar du, eta Pinotxo gaixoak nahikoa du tente mantentzearekin, egiten duen eguraldia egiten duela ere. Korrikak ere, era berean, baditu etsaiak eta galdera-ikur batzuk.
Hala ere, uste dut gure hizkuntzaren alde gaudenak gehiago garela dituen arerioak baino. Ez dugu utziko hainbesteko ilusioa egiten digun furgonetak min har dezan, zerbait lortzeko ilusioak mugitzen baitu gizartea, eta gure nahia sinplea da, Euskal Herri euskalduna irabazteko eguna.