Inportantiena, betetzia

Erabiltzailearen aurpegia Izar Odriozola 2026ko otsailaren 11

Ostegun Gizenez jaio nintzen, eta ez dut txiste txarrik egingo horren inguruan.

Urtebetetzeei buruz hausnartu nahi nuke gaur, horien paradigma aldaketaz: zentralitatea izatetik zeharka igarotzera. 

7 urterekin merendolak genituen, pelotazos eta txorizopamplona banketeak. Aldi berean, lehenengo marjinazioak ere bai: "Zu ez zare nere merendolara inbitauta, zu bai, eta zu ez". Hogei urte gehiagorekin, ia-ia ez dut agurtzen nire merendolara etorri zen hura, eta kuadrilla erdia barazkijalea da.

8 urterekin hamar manamentuak baino azkarrago memorizatzen genituen gainontzekoen urtemugak. Urteak pasa ahala, konturatzen zara ez zarela munduaren zilborra, inor ez dela zure egunaz gogoratuko, ez bada Facebooktar Leial kategoriakoa. Duela dozena bat urte egindako eskola-trukean ezagututako autobus gidariak irribarrea ateratzen dizu urtero, happy bday izar have a lovely day enjoy idatziz. Facebooktar Leialek ez dute inoiz huts egiten, zin dagit.

Zure eguna gustatu edo ez, adin batetik aurrera esaten den horri men egin beharko: "Bueno, inportantiena betetzia". 27 urtekoen klubean sartuko naiz laster, eta honen inguruan ere ez dut txisterik egingo, Winehouseren eta Joplinen izenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak