Guztiz harritu ninduen erabilitako metafora kopuruak: "(...) bai, osagaiak badakigu zeintzuk diren, sukaldeko lana egiten dabiltza, kozinatzen... baina ez dugu plater nagusia dastatu oraindik". Ez nekien politikaria edo Anne Otegi zen Elikaeneako sukaldetik hizketan.
Nahikoa ez, eta politikariak bere literatur senarekin jarraitu zuen; orain, musikari konplexuarekin: "Bueno, bai, lehenengo akordeak entzun ditugu, ez dakigu melodia osoa nolakoa izango den, ea ze klabetan kantatuko duten...". Esaldi bera esan diezaguke Enrike Txurrukak bandako kideoi.
Baina, tira, ez nadin horrenbeste plater edo bemolekin distraitu: hainbeste metafora erabiltzea estrategia erretoriko/politiko hutsa da. Alde batetik, jendearekin emozionalki konektatzeko erabiltzen da, eta, horrela, gaiaren zehaztasuna galtzen da. Bestetik, politikariak asko hitz egiten du, baina gutxi esan. Bere literatur baliabideak goresten geratuko da entzulea, hitz egiten ari zen gaiari erreparatu baino gehiago. Metaforak bai, baina neurrian, mesedez. Azkenerako, porru-patatak Mi B Mayor tonalitatean kozinatzen amaituko dugu eta.