Zapaburuak Alexandrian

Erabiltzailearen aurpegia Izar Odriozola 2025ko urr. 14a, 00:00

Umetan, etxe ondoan geneukan askara joaten nintzen zapaburu bila.

Horietako batzuk eskuarekin harrapatu, ongi analizatu eta berriro bueltatzen nituen uretara. Behin, salabardoa oparitu zidaten, eta zapaburuen kontuak magia izateari laga zion; arrantza-saretxoarekin ezer ez zen berdina, eta utzi egin nion anfibioak bisitatzeari. Errazegia eta aspergarria bihurtu zen.

Gauza bera errepikatzen da eskuliburu, entziklopedia eta hiztegiekin. Liburutegia txukuntzen ari naizela, agertu zaizkit mende ezberdinetako dozenaka entziklopedia, baita sinonimoen eta antonimoen liburuxkak ere. Diogenes sindromea dut, eta Alexandriako liburutegiaren izenean ezin dut ezer bota. Hala ere, noiz izango da momentu egokia libururen bat arakatzen hasteko?

Adimen artifizialak sare forma hartu du eta ikastearen magia ezabatzen ari da. Edozeri buruz erantzungo dizu, nahi duzun doinu eta neurrian, gizartearen erritmo bizkorrekin ongi ezkontzen baita ChatGPT. Martxa honetan, entziklopediek vintage izaera hartuko dute, eta funtzio estetiko soila izatera igaroko dira. Halere, ni beti izango naiz erritmo pausatuagoen aldekoa: liburua eskuekin harrapatu, ongi analizatu eta berriro itzuliko dut apalera, salabardo barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak