Ibilbide osoa buruz ikasiko duenik egongo da, baita ezertaz jabetu ez denik ere. Baina zer gertatzen da bi egunerako etxe osoa maletan eramaten duenarekin? XXL maleta "porsiakaso da, zuek", dio, eta beste asko Altus-arekin moldatzen gara. "Ez ahaztu eskarpinak errekarako", eta zuk dutxarako txankletak ere ez dituzu motxilan sartu.
Maleta erraldoia daramatenak kuadrillako hartz amak dira, gainontzeko partaide oroz gogoratuko direnak. Ez zaio ezer ahazten, eta zu kexatu egingo zara bere maletarengatik kotxean ezin kabitu zoaztelako, baina ezker oineko eskarpina utziko dizu, "konpartituko dugu, lasai" esanez.
Guri, gainerako hartz txikioi, hartz amaren eskuzabaltasuna baloratzea eta zaintzea dagokigu. Hartz amak denak laguntzen gaitu, eskuzabaltasun neurrigabea du, eta ez du ezer eskatzen bueltan. Pertsona onaren definizioa egotekotan, hartz amarekin zerikusia izango du, nahitaez.
Gure hartz ama, gure Olatz Azkarate, zenbat maite zaitugun gogorarazteko idazten dut hau, nahiz eta badakidan hau ere ez duzula ahaztuko. Ziur egon beti lagunduko dizugula maleta astunaren kremailera ixten.