Bisaiako azala Kristoren sandalia baino lehorragoa zuen, eta hidratatuko zion zerbait behar zuen mutilak. "Dove men: cara, manos y cuerpo". Gorputz osorako balio duena, baita oinetako gogorguneentzat edota ezpainentzat ere.
Bitartean, emakume gaixooi masterra ateratzeko eskatzen digute gure aurpegiko azala zaintzeko: besteak beste, seruma, garbitzailea, tonikoa, begi ingurukoa eta hidratatzailea –egunekoa eta gauekoa bereizi, noski–.
Batez ere, emakumeei zuzendutako marketina gidatzen ari da industria kosmetikoa. Skincare-aren mezu indibidualista argia da: bete itzazu hamar pauso hauek larruazal distiratsuena izan dezazun, inbertitu denbora eta dirua zugan, zu zara garrantzitsuena, zure azala zaintzeko ez duzu dirurik xahutzen, inbertsioa da. Bizi osoan amonak egindako erromero-pomadari ihesean, egin duzu krema korearren eskaera Amazonen.
Ez naiz dermatologoa eta ez dut errua emakumeengan kokatzen. Ezbaian jarri nahi nuke fenomeno honen azal ostean zer ezkutatzen den: ze arazo kolektibo estaltzen eta erreparatzen ari diren, geruzaz geruza, produktu hauekin guztiekin.