Anakronikoa, antzinakoa, modaz pasatakoa. Komun ez-mistoen erabilera normalizatuaz ari naiz.
Gizarte osoaren puxikak erregulatzen dituzte soinekoa eta prakak daramatzaten pertsonatxo horiek. Komuneko atean itsatsita dagoen sinboloak baimentzen dizu komun bat erabil dezakezun edo ez; gainean txiza egin dezakezun edo ez.
Agian, esajeratzen nabilela usteko duzue, baina egon badago jende bat, aipatutako sinboloak ez mintzearren edo, sekulako ilara egiteko prest daudenak, hortzak estutu eta beste komuna libre egonagatik ere, euren puxikaren eusteko ahalmenean itsu-itsuan sinesten dutenak. Autodesafioa, prakako lehen botoia askatzen duten bitartean.
Neure buruak, ilaran daudenei puxikak egin bezala, eztanda egiten dit gai honekiko dagoen leialtasun ia erlijiosoa ikustean. Sinboloak erabat naturalizatzen ditugun beste seinale bat baino ez da. Norberak aukera dezala sistema bitar naturalizatuaren arauari men egiten jarraituko dion edo hau ere komunetik behera botatzea nahiago duen. Amaitutakoan, garbitu eskuak.