Gaztea kontsideratzen naiz, badakit gaur normaltzat dudana bihar Gure Zirkuan ikus dezakedala trapezista gisa, soka gainean kolokan. Ikusi dut, adibidez, posible dela museo sofistikatu batean arratoi baten bisita jasotzea; surrealista dirudien arren, badagoela nerabeek gaztelera erabili ez eta hori arazotzat hartu duen instituturik; jende batek nahiago duela entsaladilla errusiarra mikrouhin-labetik pasatzea jan baino lehenago, eta –inor mintzeko asmorik gabe– Eibar herriak ere baduela txoko politen bat hor ezkutuan.
Normalitate deritzogun hori eraiki du gizartearen konbikzio orokortuen eta kapitalismoaren nahasketaren koktelak. Behi- eta olo-esnea parez pare daudenean "ebakia esne normalarekin mesedez" eskatu duzun aldiro egin diozu apologia normalitateari. Halere, ez naiz filosofeatzen hasiko, normalena zuek aspertzea izango bailitzateke.