Ibilbidea Gasteiztik ekialdera hartuta hasi, eta berehala egin genuen lehen geldialdia, Estibalizko monasterioan; ahizpek egindako kafesnearekin bat, Bibliako pasartetxo bat opari. Bidean aurrera egin ahala, Birgara Goein eta Birgara Barren pasa genituen; Interneten bilatu, eta 43 eta 3 biztanle omen dituzte. Herri txiki-k spin-off-a atera beharko luke Herri ezin txikiago-arekin.
Fresnedoko piszina naturaletan deskantsatu genuen jarraian; bertako argazkia Instagramera igo eta kokapenean Colombia edo New Zealand jarriko bagenu, erraz sinetsiko luke batek baino gehiagok. Baina ez, irakurleok, Araban bertan daude leku misteriotsu horiek. Azazeta, Antoñana, Maeztu, Atauri eta abar, eta abar; herri txikiak izanagatik ere, lasaitasunak bere magala eskaintzen digula sentitzen da bertan. Ez dago aitzakiarik zero kilometroko turismoa aplikatu eta probintzia hori ezagutzeko, eta autorik izan ezean, lasai egon, Birgara Barreneraino heltzen baitira autobusak.