San Martzialerako erdibidean gora igo ezinik geratzen den trailerraz ari naiz. Ez du abisurik jasotzen, ez dago seinalerik, ez daki nora doan, baina gora igotzen saiatzen da, astelehen urdin bat bada ere.
Eta batzuetan ez da nahikoa garabia, ez da aski izango kanpotik jasotako laguntza. Maniobra imajinaezinak egin eta kamioilariak ibilgailu astuna mugitu beharko du pixkanaka, ez aurrera ez atzera egin ezin den puntu horretatik ateratzeko.
Ez ote dugun guk ere gauza bera egiten. Finkatuta ditugun helmugetara iristeko baldintzak ongi ezagutu gabe egiten dugu aurrera, ezustekoen kontingentziak kontuan hartu gabe. Hankak lokatzetaraino sartu eta salbatuko gaituen holograma jainkotiar baten zain geratzen gara. Ez ote den kamioi trabatu hori gure bizitzako pelikularen trailerra izango.
Itoizek kantatzen duen astelehen urdin batean idatzi dudalako izango da, Blue Monday kontzeptu sasizientifikoa igaro delako bestela, eta, agian, ni ere erori naiz gizartea egun batez deprimitzeko kapitalismoaren estrategian. Barkatu intentsitatea eta gogor egin urtarrileko aldapari.