Agian behin baino gehiagotan gertatzen den zerbait da letra txarrarekin edo kode deszifraezinean esbozatutakoa entregatzea, baina niri erasokorra iruditu zitzaidan. Era baldarrean idatziko nukeena modu txukunagoan egitera behartuta sentitu nintzen, nire intimitatean sartuko balira bezala. Zertarako nahi du zuzentzaileak zaborretara botako nukeen paper zatia? Akaso nire garabatoak miretsi eta psikoanalizatu egin nahi nau? Tipexarekin ezabatutakoa ere aitortuko diot zer zen, nahi izanez gero.
Zirriborroak zerbaitengatik dira zirriborro: bakoitzak erabaki dezala zein eskema egin zikinean eta zer atera argitara. Antzeko zerbait gertatzen da bizitzarekin: norbanakoak aukera dezala noiz eta norekin elkarbanatu barruan duen mazedonia oraindik osatu eta moldatu gabea.
Gure narraskerien jabetza pribatua izateko eskubide osoa dugu, eta ez dut gogorik mundu osora zabaltzeko nola mozten dudan nire mazedoniako fruta; making-off-ak erakutsi gabe ere zilegi dugu bizitzea.