Dena bihurtu da puntuagarri. Sarean aurki daitezkeen erreseinek bilatzen ari garenari buruzko iritzi orokorra eman diezagukete, eta konturatu orduko JoseAntonio52-k bost izarrekin baloratu duen hondartza bisitatzera zoaz. Ez daukat ezer Jose Antonioren kontra, baina aipagarria iruditzen zait ezezagunaren iritzia sinesteko garatzen dugun erraztasuna.
Hedatzen ari den pandemia esan dut, produktuekin hasitakoa pertsonengana heltzen hasi baita. Guztiok dugu barne-epaile bat; aurrean duguna edozer izanik ere, beste zerbaitekin konparatzeko ohitura intimoa dugu. Halere, horrek ez du esan nahi gure judizio oro publiko egin behar denik, eta are gutxiago pertsonekin, gizakiak ez baitira neurtu daitezkeen merkantziak.
Ea pertsonak izarren bidez neurtzeko pandemiari aurre hartzen diogun. Hori lortzeko dudan esperantza 5etik 3,7koa da.