Sanpruk izan ditzakeen anexio-nahi ugariak alde batera utzita –nahiz eta legalki Bergara dela denok jakin, ejem– , bertan bizi zen giro bereziari egin nahi nioke erreferentzia.
Orokorrean, auzoen esentzia lurrin-potetxoetan gordetzen da. Ez dut hau esaten ni ere landa inguruan bizi naizelako –ejem, barkatu eztula–, baina auzoak badu historikoki herriak ez duen halako intimitate konpartitu bat, auzotarren arteko eskuzabaltasun interesik gabekoa. As bestas-etik ere izan dezake zerbait, baina solidaritateak gidaturiko alde positiboa zeharo gailentzen dela baieztatuko nuke.
Bizimodu hori gehiegi erromantizatu gabe, auzokideek duinki bizitzeko duten eskubidea bermatu behar da. Elorregin, Basalgon, San Juanen, Uberan, Osintxun edo Goiauzoan, bakoitzak duen kode propioa errespetatuz eta nahiak entzunez, lurrinontziko esentziari tapoia ireki behar zaio, ongi arnas dezan.
Aberasgarria liteke auzoen perfume gozoa herriraino hedatzea, baina horrela, ez zen gehiago auzoa izango, eta nik auzoa nuen maite.