Gure gizartean zaintza mota ezberdinak daude eta hauek egoitzetan zein etxean ematen dira. Halere, pertsona hauentzat Zaintza Sistema Publiko bat eskatzen dugu. Pentsio duina izateaz gain, egoitzak, eguneko zentroak, etxez etxeko zerbitzuak beharrezkoak dira, eta, horregatik, bermatuak egon behar dira.
Argi dago helduek zaintza behar dutela, baina beraiek bakarrik? Ez! Zaintzaileak ere zaindu egin behar dira, baina fisikoki zein psikologikoki. Eguneroko zaintza lanegatik ez balitz, nola egongo ginateke?
Horregatik, etxez etxeko zaintzako profesionalen lana balioan jarri behar dela uste dugu. Guztion ongizaterako ezinbestekoa eta beharbeharrezkoak direlako.
Halere, hau horrela ez dela ikusi dugu azken hilabeteetan. Horren adibide dira Arrasateko etxez etxeko langileak. Hainbat gunetan entzun eta ikusi dugu beraien aldarria, greba eginaz, elkarretaratzeak burutuz… borroka etengabean dabiltza.
Horregatik, Arrasateko etxez etxeko zerbitzuetako langileei gure babes eta elkartasun osoa eskaini nahi diegu. Eta beraien aldarria gure egiten dugu.
----------
Itziar Usandizaga
Debagoieneko Duintasuna elkartea
Debagoiena