Manifestatu zaitez, ez diezazutela pentsioa lapurtu

Kezkatzeko moduko egoeren aurrean gaude; etxe askotan gorriak ikusten ari gara hil amaierara iristeko, edo zailtasun handiz iristen gara.

Pobretutako klase sozial baten kide gara, bihotzik  gabeko sistema kapitalista honek indartzen dituen soldata baxuen, lan prekarietatearen, pentsio ziztrinen eta ikaragarrizko ezberdintasunen ondorioz.

Gipuzkoan 183.384 pertsona gara pentsionistak, biztanleriaren %26, erdiak 1.080 eurotik beherako pentsioak kobratzen ditugu, eta emakumeok pentsiorik baxuenak ditugu; era berean, 43.660 alargunen %90 emakumeak gara, eta, batez beste, gure pentsioa 743 eurokoa da. Azkenik, DSBE (diru-sarrerak bermatzeko gutxieneko errenta) kobratzen dutenen %27 pentsionistak dira, eta horietatik %67 emakumeak. Errealitate gordin horren parte garenok ez dugu onartuko politikariek eta Eusko Jaurlaritzak miseria gorrian bakarrik utz gaitzaten, gure pentsioen erosteko ahalmena bermatu gabe duintasunik gabeko zahartzaroarekin.

Lanean aritu ginen, atsedenik gabe, eta duintasunez bizi nahi ditugu gure bizitzen azken urteak. Zoritxarrez, boterean dauden eta ekonomia gobernatzen duten politikariei ez zaie inporta zein egoeratan gauden pentsionista asko. Baina asko inporta zaie aberatsei laguntzea eta mesedeak egitea, zerga gutxiago ordaindu eta beren soldata itzelak eta neurriz kanpoko pentsioak maten ditzaten.

2016ko irailaren 21ean Eusko Legebiltzarrean 71.724 sinadura aurkeztu genituen, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izateko eskubidearen alde eta Euskadin pentsio eta gizarte-segurantza sistema propioa eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak "lehendabizi pertsonak" du lelotzat, baina alde batera utzi gaitu. Dena den, 71.724 sinatzaileak pertsonak gara, gure eskubideen alde egiten dugu, eta ez gara nekatuko errepikatzen, aintzakotzat hartzen gaituzten arte, gure bizitzak eta osasunak haien etekinak baino asko gehiago balio dutela.

Manifestazioa egingo dugu hilaren 10ean, Donostian, Bulebarretik irtenda, 12:00etan.

----------

Itziar Usandizaga

Debagoieneko Duintasuna elkartea

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak