Igandean, Torredonjimenoko David Delgadok irabazi zuen lasterketa, eta zapatuan denok irabazi genuen. Pello oroitzeko martxa antolatzea erabakita, bikaina izan behar zuela argi genuen. Familiaren onarpena jaso ostean, martxan jarri ginen.
Hainbat herritarrez osatutako bideo-kate bat sortu eta zabaldu genuen lau haizeetara, Hartu txapela! lelopean. Poliki-poliki, giroa berotzen joan zen, eta izen-ematea 235era igo zen. Eguna iritsi zen, eta, eguraldiak lagunduta, mozorrotutako zikloturistaz bete zen plaza. Pello bere saltsan ibiliko zen, seguru. Asko maite zuen jendeak, eta 25a horren isla izan zen, emozioz eta alaitasunez beterikoa. Pello eta seme-alabak omentzeko tartetxo baten ostean, hantxe abiatu ziren guztiak Gorlara bidean. Goian, zerbait jan eta edaten zuten bitartean, aurpegi alaiak ikusten ziren. Topera igo ziren batzuk, hainbeste estutu gabe gehienak. Denentzat zegoen lekua eta denek irabazi zuten. Sarien zozketa luze batekin bukatu zen egitaraua, baina, momentuak laguntzen zuenez, askok eta askok eguna luzatzea erabaki zuten, lagun giroan.
Pellok eta bere garaikideek urteetan erakutsi digutenaren testigua hartu eta herriak herri izaten jarraitu behar du. Pello leku askotara ailegatzen zen, baina, leku gutxiagotara helduta ere, bakoitzak bere aletxoa ipini eta Bergara bizirik dagoela erakutsi beharra daukagu, beraien eredua jarraituz.
Antolakuntzakoei eskerrak eman dizkiguzue azken egun hauetan, baina guk lerro hauen bidez zapatua egun borobila izan zedin lagundu diguzuen guztioi eman nahi dizkizuegu eskerrak. Asko zarete, eta, inor ez ahazteko, Mila esker, Bergara!batekin laburtuko ditugu esker onak.
Eta, bide batez, ez utzi bizikleta kamarotean denbora luzerako, hurrengo urtean berriz ere Torredonjimenoko David Delgado bezalako ziklistez gain mozorrotutako zikloturistak ere Gorlan ikusi nahi ditugu eta.
----------
Ion Unamuno
Pelloren Martxa Zikloturistaren antolatzaileen izenean
Bergara