Gure kirol eredua

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ugarteburu 2026ko ekainaren 15a

Bizi garen gizarte erotu eta aldakor honetan kirolak gero eta presentzia handiagoa du.

Atzerago ez dut egingo kirolaren jatorriaz berba egiteko, baina kirol modernoa, gaur egun dugunaren kirolaren oinarria, XVIII. mendean kokatzen da, Ingalaterran, pertsonen elkarlanaren sistema gisa. Gizonek sortu zuten gizonezkoentzat. XIX. mendearen amaieran Olinpiar Joko modernoak berreskuratu ziren, Pierre de Coubertain-en eskutik, eta lehenengo joko haietan emakumeek ez zuten parte hartu; hurrengoetan, 1900. urtean, hasi ziren parte hartzen emakumeak.

Kirola XX. mendean pasatu zen gutxi batzuen denbora-pasa edota lana izatetik gizarte aurreratuen ezaugarri garrantzitsuenetarikoa izatera, eta baita negozio handia bihurtu ere. 

Gure gizartean emakumeen inkorporazioak XX. mendearen azken laurdenean bizi izan zuen bultzada garrantzitsua izan zen, eta XXI. mendeko hobekuntza/normalizazioa ere handia da –nahiz eta desorekak izan–.

Gipuzkoan, gure txikitasunean, gure erara bizi dugu kirola –esango nuke kirola gure DNAren zati garrantzitsua dela–. Gure eredua eraiki dugu eta garaietara egokitzeko gai izan gara guztion artean: herritarrak, elkarteak, eskolak eta erakundeak. Denon artean sortu dugun gure eredu honetan, herritarrek eta elkarteek kirolaren aldeko apustua egin dute, ez modalitate bakar baten alde, baizik eta hainbaten alde: atletismoa, eskubaloia, futbola, herri kirolak, igeriketa, mendizaletasuna, pilota, piraguismoa, saskibaloia, txirrindularitza… Gure eredu honetan, emakumearen presentzia normalizatuta dago. Gure eredu honetan, elkarteak eta horien partaideak ezinbestekoak dira. Herriko elkarteek gure herriak ordezkatzen dituzte, gure herriak dinamizatzen dituzte, gure herritarrei aukera ematen diete kirola egiteko, elkar ezagutzeko… Gure eredu honetan, eskolek bultzatzen dute eskola kirola, eta bizi-ohitura osasuntsuak sustatu. Gure eredu honetan, erakundeek ezinbestekoa den euskarria eskaintzen dute: instalazioak, dirulaguntzak… 

Guztion artean lortu dugu Gipuzkoa erreferente izatea –Estatuan eta baita Europan ere– eta gure biztanleria kirolzalea izatea. 

Jarrai dezagun gure eredua defendatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak