Kirol praktika egokia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ugarteburu 2025eko urriaren 30a

Behin baino gehiagotan idatzi dut kirol praktikak izan ditzakeen onuren inguruan.

Kirola maite dut eta nire bizitzan kirolak protagonismo handia izan du.

Planteatzera nator kirol praktika egokia egitearen beharra; edozein adinetan, egiten duguna egiten dugula, arriskuak daude, eta praktika desegokiek ondorioak eduki ditzakete.

Haurtzaroan, espezializazio goiztiarra oso arriskutsua izan daiteke, praktikatzen den kirolaren arabera, gorputzaren alde batek bestea baino gehiago indartzen duelako, goiko atalean edo behekoan eragin handia duelako eta abar. Haurtzaroan konpentsazio lana eskatzen du, estimulazioa osatu beharra dago; bestela, ondorioak betirako izango dira. Lan horiek ez dira batere errazak eta denbora eta baliabideak eskatzen dituzte.

Nerabetasunean oso modan jarri da indar entrenamendua; eta ona da indarra lantzea, baina ez edonola. Jakin badakigu adin kronologikoaren eta biologikoaren artean salto handia egon daitekeela. 15 urteko bi lagunen artean 3-4 urteko diferentzia egon daiteke adin biologikoan. Kontu handiz ibili beharko lukete nerabeek indarra entrenatzerakoan, eta ez hartu erreferentzia gisa lagunak egiten duena, arriskutsua izan daiteke eta. Nerabetasunean gorputza guztiz egin gabe dago eta larregizko pisuak edo ariketa ondo ez egiteak ondorio larriak utzi ditzake.

Helduen artean indar entrenamenduarekin lotutako praktikak ere modan daude. Bazter guztietatik esaten digute lan aerobikoa egiteaz gain ezinbestekoa dela indarra lantzea, gutxienez astean bitan. Modan dago indar entrenamendua, mugimendu funtzionalak eginez, intentsitate handiarekin. Kasu honetan, gogorarazi nahi dut teknikak garrantzi handia duela. Pisu egokiak erabili, indarra landu, baina, mesedez, teknika zaindu.

Hasieran nioen bezala, egiten dugun kirolak egokia izan behar du, egokituta gure adinera, gorpuzkerara, osasun egoerara, esperientziara.

Albokoari kopiatzeak arrisku handiak ekar ditzake. Profesional oso onak ditugu gure inguruan gure praktika bideratzeko, eta, horrez gain, baita informazio egokia lortzeko bideak ere.

Disfrutatu kirolaz!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak