Haurrak, gazteak, helduak eta nagusiak, denak elkarrekin, herriko bazterretan zehar lasai, berba eginez eta gozatuz ibiltzeko gonbidapena.
Herriko eragile askok hartzen du parte irteera horiek aurrera eramaten: Pol Pol, San Joxepe, Aranzadi Ikastola, Osasun Zentroa, Duintasuna, Bergarako Udala, herriko farmaziak, Aspace, San Martin ikastetxea, Mariaren Lagundia ikastola, Goyeneche Fundazioa, Jardun eta BPXport, hain zuzen ere. Guztion lanari esker, 2025. urterako hamabost irteera programatu ditugu, eta han izango dira taldeetako kideak, haien txaleko eta guzti, beharrezkoa dena egiten. Halako partaidetza zabala izatea izugarrizko aberastasunaren seinale dela esango nuke.
Partaideei dagokienez, aurreko urtean 30 lagunek baino gehiagok parte hartu zuen, batez beste. Baina arlo horretan ere aberastasuna goraipatu nahiko nuke; gehienak pertsona helduak dira, baina Jardunek eta ikastetxeek antolatzen dituzten irteeretan haur eta gazte asko izaten dira, eta polita da. Helduen artean, aniztasuna da nagusi: San Joxepekoak, Pol Polekoak, Duintasunakoak, Goyenechekoak eta Aspacekoak...
Ez dugu ahaztu behar Bergaran badirela behar adina aktibitate fisiko egiten ez duten pertsona dezente, eta horietako batzuek zailtasunak dituztela oinez ibiltzeko, laguntza behar dutelako, bakarrik daudelako. Bergara oinez eurentzako ere pentsatua dago. Hortaz, horiei aukerak zabaltzeko edota programaren berri ez dutenentzako gonbidapena egin nahi dugu.
Ibilbideak egiterakoan, aukera izaten dugu herriko elkarteen egoitzak eta haien jarduera ezagutzeko, edota herriko parkeen zuhaitzak identifikatzeko; hori ere aberasgarria, duda barik.
Eta zer esan amaieran egiten ditugun gosari osasungarrien inguruan; han sortzen diren elkarrizketak, barreak eta abar.
Esandakoa, aberatsak gara.
Martxoaren 20an, Agorrosindik, goizeko hamarretan, jarriko dugu abian aurtengo programa. Gonbidatuta zaudete.