Hiru hamarkada luze dira Pello ezagutu nuenetik, Lokatzan eta inguruko elkarteekin txirrindularitza probak antolatzen, finantzaketa bilatzen, taldeak osatzen. Denbora honetan, askotan joan da Udalera eskaerak, proposamenak eta ideiak aurkeztera; beti bere estiloan, irribarrearekin, azalpenak eta erraztasunak emanez.
Herrigintza beste bide batzuetatik ere sustatu zuen: danborrada antolatzen, Alai Taldean, Elikagaien Bankutik...
Ez da erraza izango herrian Pello bezalako pertsona gehiago izatea; Bergarak igarriko du Pelloren falta, baina haren espiritua, egiteko modua eta emateko eskuzabaltasuna gure artean geratu da eta eredu izango da. Bergarako eta inguruko herrietako boluntarioentzako eredu bikaina izan da.
Haren omenez egingo den martxa zikloturistari begira, zer esan... Pellok ondo irabazita duela omenaldi eder bat, eta egindakoaren aitortza polita izan daitekeela Bergarako kaleak txirrindulariz josita ikustea, gure txapeldunaren omenez.