Pilotarien prestakuntza fisikoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ugarteburu 2022ko uzt. 8a, 00:00

Uztailaren 3an Elgetan aukera izan nuen lehen mailako pilotariak zuzen-zuzenean ikusteko. 

Laso, Artola, Peña, Imaz, Mariezkurrena eta Jaka bertatik bertara ikusteko parada izan genuen. Izugarrizko planta dute, tamaina ederra eta soberako koiperik ez. 

Partidua ikusirik, ikaratzekoa da zein abiadura eragiten dioten pilotari eta nola ailegatzen diren frontoiko bazterretara. 

Sasoi betean daudela esan dezakegu.

Urtean zehar partidu dezente ikusi ditut, asko binakako txapelketakoak ere bai, eta nabaria izan da, partidua luzatu denean, pilotariek arazoak izan dituztela; kalanbreak eta giharretako beste arazo batzuk, adibidez. 

Usobiagak 2003an argitaratutako lanean zioen binakako partidu baten iraupena, batez beste, 67 minutukoa dela, eta pilotari bakoitzak, media moduan, 187 pilotakada ematen dituela. 

Beharbada, gauzak zerbait aldatu dira azken hogei urteetan eta zenbakiak handiagoak dira, baina kurioso egiten zait pilotari profesionalak giharretako arazoekin ikustea. 

Kirol gogorra dela esan dezakegu, are eta gehiago, banaka jokatuz gero, baina non dago sekretua? 

Ohituta gaude bi, hiru edo lau orduko tenis partiduak ikustera, egun batzuetan bi partidu ere jokatzen dituzte, eta hauen kasuan giharretako arazoak, agertzekotan, beranduago agertzen dira.

Jakin badakit ez dela berdina tenisa eta eskupilota, baina prestakuntza fisikoan, hidratazioan, janarian zerbait hobetzeko modua egon daitekeela etortzen zait burura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak