2017. urtean, Foru Aldundiak kirol ekipamenduen plana atera zuen, besteak beste, kiroldegiak berritzeko, eta horrek eraman gintuen lehentasuna ematera kiroldegiaren berritze-prozesuari. Uztailerako, buletinean argitaratu zen 589.720 euroko laguntza izango genuela; gehieneko kopurua 600.000 eurokoa zen. Berri bikaina! Proiektuak prestatzen hasteko unea. Sestra enpresa arduratuko zen idazketaz.
2018. urtean, berriz ere herritarrekin eta elkarteekin batera, proiektua definitzen joan ginen. 2019. urtean, alboko biltegia bota eta handitze-lanekin hasi ginen, aldagelak, piraguismoko biltegia eta makina-gela eraikitzen.
2020. urteko udarako, eraikin berria amaituta zegoen eta kiroldegia berritzeko lanak hasita.
Eta 2021. urteko otsailean, martxan! Oraindik ere lanak geratzen dira, baina instalazioa berrituta eta martxan dugu.
Bost urte izan dira: bi udal gobernu, herritar eta elkarte askoren partaidetza une guztietan, behargin askoren lana, bilera zenbatu ezinak… Denborak esango digu asmatu ote dugun, eta Bergarak behar zuen instalazioa prestatu dugun ala ez, baina prozesua ederra izan da, aberasgarria, eta asko irakatsi dit.
Aurreko astean jakin nuen 1839an Esparteroren eta Marotoren artean adostutako hitzarmena hemen gertatu zela, egun Labegaraieta kiroldegia dagoen tokian. Poztu egin nintzen jakiterakoan.
Bost urteko prozesu honetan egindako lana giro onean eta jende askoren laguntzari eta jarrera irekiari esker egin da. Hitzarmenaren espiritua ote inguruan?