Oñatin, matrikulazio garaian ohikoa izan da hiru eskolek bakoitza bere aldetik kartelak sortzea eta herriko hainbat gunetan jartzea; besteak beste, herriko dendetan.
Jakin badakigu Gabonetan dendariek esfortzu berezia egiten dutela beraien erakusleihoak bezeroentzat apaintzeko, erakargarriak izan daitezen. Ulertzen dugu ikastetxeak gure kartelekin hurbiltzen garenean beraientzat egoera deserosoa sortzen dela eta, askotan, dendariak konpromisoan jartzen ditugula gure kartelak erakusleihoetan jartzeko.
Azken urte hauetan, iruditzen zaigu egoera okerrera egin duela, ikastetxeon kartelak geroz eta handiagoak direlako.
Hori horrela, Urgainen erabaki dugu hemendik aurrera matrikulazio kanpainako kartelak soilik herriko adierazpen libreko guneetan jarriko ditugula eta ez ditugula dendariak konpromisoan jarriko.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu dendari guztiei, orain arte izan duzuen jarreragatik eta gurekiko erakutsi duzuen prestutasunagatik gure matrikulazio kanpainetan laguntzeko.
----------
Itziar Agirre Vicente
Urgain Eskolaren eta Oñati BHIren izenean
Oñati