Eskerrik asko, Maribel!

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Pagoaga 2016ko urr. 28a, 00:00

Urte batzuk pasa dira elkar ezagutu genuenetik.

Emakume, langile, ama, amama, sukaldari eta herri ekimenetako partaide nekaezina izan zara azken unera arte. Beti irribarretsu, goxo, eta behar izan denean kementsu eta gogor. Herriaren, euskararen, emakumeon eskubideen alde, euskal presoen eta iheslarien eskubideen defentsan beti lanean fin, bozak gutun-azaletan sartzen, sukaldari lanetan, pankarta atzean, kartzeletara bisitan… zerrenda nahi beste luza nezake. Emakume nekaezina izan zara beti.

Aretxabaletako ezker abertzaleko zenbait kidek badugu joera berezi edo xelebre bat; Mitarte plazara gerturatzen garen askotan gorantz begiratzekoa, alegia. Ez gara aritu izan eguraldiari edo usoei begira, ez. Ez eta hegazkinen arrastoei segika. Bertako balkoi batean, Euskal presoak Euskal Herrira dioen maindiredun balkoian, beti zaintzen aritu den Maribelengana joan ohi dira gure begiradak. Elkar agurtu, egunari buruzko bitxikeriaren bat partekatu eta aurrera. Beti egon zara hor, Maribel. Plazako, herriko zaindari, gazteen eta ez hain gazteon zaindari. 

Gaur, asteartea, Mitarte plazara gerturatu naiz eta nire begirada nahi gabe doa gorantz; maindireak hor jarraitzen du, baina zure begiradak ez. Eta krak txiki bat sentitu dut bihotzean. Baina zure lanerako grinak, goxotasunak, umoreak, irribarreak eta gertutasunak beti gurekin iraunen du. Eta nola ez, gorantz begiratuko dugun aldiro zurekin gogoratuko gara. Biba zu! Mila esker eman eta erakutsi diguzun guztiagatik. Eta era batera edo bestera gu guztiok zaintzeagatik. Beti egongo zara gure oroitzapenetan. Eskerrik asko, Maribel!

Amaitzeko, familiari eta lagunei animo eta besarkadarik sentikorrena. Bereziki, Garirentzat eta Fidelentzat.

----------

Itsaso Pagoaga Zaloña

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak