"Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!"

Erabiltzailearen aurpegia

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen Legeak 30 urte beteko ditu heldu den azaroaren 24an.

Hiru hamarkada, mende herena iragan da kasik euskararen herrian bertako hizkuntza normalizatzea helburu ei zuen legea onartu zenetik. 

Urteotan, egin beharreko bidearen zati bat egin denik ezin ukatu daitekeen arren, ezin da ukatu ere sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, ipar egokirik gabeko 30 urte izan direla, finean, herrialdeotako Euskararen Legearen gerizan igarotakoak.

Jakin badakigu herri euskaldunak bere hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legeria ezberdinak pairatzen dituena. 

Teorian ofiziala izan baina teoriaren letra txikian zein eguneroko praktikan beste hizkuntza ofizialaren ondoan menpeko estatusa duen onarpenetik hasita, Nafarroa Garaian pairatzen dugun zonifikaziotik igarota, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean eduki ere ez daukagun errekonozimenduraino, herri euskaldunaren errealitate juridikoa negargarria da. Asmo on eta hitz ponposoen atzean 30 urteren buruan zerbitzu oinarrizkoenak ere norbere hizkuntzan jasotzeko ezintasuna, euskaraz bizitzeko debekua bizi dugu euskaldunok.

Euskaraz bizitzeko ofizialtasun errealaren bidean, larunbat honetarako (azaroak 24) mobilizazioak deitu ditugu. 

13:30ean Arrasateko Herriko Plazan elkarretaratzea izango da eta arratsaldean Andre Mari Zuritik Legebiltzarrera giza-katea luzatuko dugu Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak! lelopean.

Euskaltzale guztiak gonbidatuta zaudete! 

Bertan ikusiko dugu elkar!

--------------------

Iñaki Telleria

(Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz)

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.