Jaiak edo oporrak izan, beti gaude eguraldiak zer eskainiko digun zain, berau lagun ez dugunean jai edo oporrek asebeteko ez bagintuzte bezala. Bero denean, gehiegizkoa delako. Hotz denean, ezin dugulako behar bezala gozatu. Euria denean... zer esanik ez. Klimatologikoki pribilegiatuak gara, ohartzen ez garan arren. Gure lurra emankorra eta aberatsa baldin bada, klima paregabea daukagulako da.
Munduan barrena, lehorturiko lurretan gosez eta gaixotasunek jota hiltzen dira egunero makina bat gizaki, bereziki haurrak. Euri eta elurrik gabe, ez dago urik; urik gabe, lurrak fruiturik ez, eta gosea da gizadian zabaltzen dena. Baina, urik ezean, garbitasun ezak ere kolera, malaria edota sendabiderik ez daukan ebola bezalako gaixotasunak dakartza.
Bitartean, gu kexu gara eguraldiak oporraldiko egun gutxi batzuk, ustez, zapuztu dizkigulakoan. Eguraldia ez da horren erantzule; gu geu gara, beraz, argi edo ilun, lehor edo busti, eguraldia beti gure lagun. Arrasatearrok, ondo pasa sanjuanak!