Herritar gutxi, balkoi eta leihoetan zintzilik ikurrin banaka batzuk; urteko igande arrunta zirudien. Neure buruari galdetzen nion non ote zeuden Arrasateko euskal abertzaleak egun berezi honetan? Litekeena da ahozko abertzale interesatu gehiegitxo egotea, eta eginaz eta ez hitzez euren sentimendua kaleratzen dutenak, geroz eta gutxiago izatea…, alde/rdi guztietan gainera.
Sarri entzun ohi dugu herritarrak politikarengandik aldendu direla/garela, ustelkeria medio. Baina norbanakoaren ongizate erreinuaz haratago konpromisoa eskatzen duen guztiaz ez ote gabiltzan aldentzen galdetzen diot ere neure buruari, Aberriaren egunean hain parte hartze eskasa ikusita.
Urteak dira, Xabier Arzalluzi mitin baten honakoa entzun niola: "Kapitalak ez dauka aberririk; askorentzako, kapitala aberria da". Hau bai egia, handia gainera, ageri agerian geratzen dena oporraldiak datozenean.
"Borrokatzen da nazio askapenaren alde eta borrokatzen da gizarte askapenaren alde. Ona hemen batuta euskal gaztediaren aldarria". (J.A. Agirre lehendakaria).