... eta benetan, negua heldu zaigu, euri, hotz, izotz eta elurrarekin. Sasoi honetan beharrezkoa egiten zaigu bai lantokietan eta bereziki etxeetan berogailua piztea.
Gizakiek beroa, argia eta txingarra menperatzen ikasi zutenetik hiru energi mota horien jabetza izan nahia handitzen joan da. Kontrolik gabeko nahi horrek, gehiegizko arriskuetara eraman eta Ama Lurrak sufritzen ditu ondorioak.
Ikatzak, petrolioak eta gas naturalak betetzen dute munduko behar energetikoaren %80a, eta karbono dioxido (CO2) eta beste gas batzuek planetaren berotegi-efektua eragiten dute. Nazioarteko Energi Agentziaren txosten baten arabera, 2030erako %50an gehitu daiteke energia eskaria, honek dakarren isurketen igoerarekin. Eta joera mantenu ezkero, munduko tenperatura bataz beste 6ºCtan igo daiteke. Ingurumen, ekonomia eta gizarte ikuspegitik eutsiezina da, eta ondorioz gizakiaren adikzio eta ohiturak aldatzeko iraultza energetiko mundiala beharko dugu.