Hedabideetan ikusten ditugun irudiek ordea zalantzan jartzen dute ustezko egi hori. Urrutira joan gabe, Euskal Herrian ere hainbat basakeri eta giza eskubideen bortxaketa gertatu eta gertatzen dira, baita jai giroan gaudenean ere..
Aurtengo San Ferminetatik hiru irudi nabarmendu nahi ditut. Lehena, bezperako txupinazoan ikusi duguna: gizonezkoak hirugarrenen bizkar gainera igota dauden emakumeak larrugorritzen, ukituka eta zirri egiten. Benetan lotsagarria, basatia. Bigarren irudia: entzierroan gizonezko bat zezenaren bizkar gainari helduta lasterka; axolagabea eta arriskutsua. Zezenak ordea bultzada soil batez aldentzen du gizonezkoa, adarkatu eta zapaldu gabe. Hirugarren irudia 7. entzierroan korrikalariekin zezen plazaren sarreran gertatutako tapoia: giza hutsegite bategatik korrikalariak elkar bultzaka eta zezenak eta joaldunak buruak goraka dituztela korrikalariei inolako kalterik egin gabe. Zeintzuk gara beraz zentzudunak eta zeintzuk irrazionalak?.
Norberaren askatasuna bestearena hastean amaitzen da.